ONGINTZAKO KONTZERTUA – BILLIE SINGS SOUL – 20/05/2025

Susana Ruiz eta Billie Holiday: ustekabeko gorazarre indartsua

Eleanora Fagan Gough, mundu osoan Billie Holiday deituraz ezaguna, funtsezko figura izan da Susana Ruizen bizitzan eta karreran. Susanaren lehen urteetatik, Lady Dayren musika entzuten zen haren etxean, eta ezinbestekoa izan zen Susana gaztea aro bat definitu zuten doinu ikoniko horiek imitatzen hastea. Gaur, agertokietan 30 urte baino gehiagoan aritu ondoren, Susanak omenaldia egingo dio Billie ospetsuari, baina norabide bakar eta pertsonalarekin.

Guztiaren hasiera izan zen Miguel Ángel Sutilek eta Roge Vegak, Madrid es Negro jaialdiko zuzendariek, erronka liluragarri bat proposatzea: jazzaren erregina Billie Holidayri gorazarre egitea. Bi aldiz pentsatu gabe, Susanak erronka onartu zuen; eta, Jacob Suredarekin batera, bere esentzia musikala islatuko zuten konponketak sortzeari ekin zion. Emaitza Billie Sings Soul da, Susana definitzen duten soinuen bidez (soula, funka, bluesa eta fusio moderno batzuk) Billieren errepertoriorik esanguratsuena irudikatzen duen proiektua.

Billie Sings Soul berezi egiten duena da Susanak zer modutan lortu duen bizirik mantentzea jazzaren esentzia (Billieri barru-barrutik lotutako generoa), bere estiloarekin uztartzearekin batera. Billieren eta Susanaren arteko sinbiosia nota bakoitzean sentitzen da, interpretazio bakoitzean, biek elkarrekin jazzean bat egiten duten baina soinu muga berrietara hedatzen diren musika bideetatik bidaiatuko balute bezala.

Jazzeko eta souleko musikari bikainek lagunduta, Susana Ruizek esperientzia musikal aberatsa eta zirraragarria eskaintzen du. Agertokian duen presentzia magnetikoa da, Estatuko zein nazioarteko artista ospetsuekin lankidetzan aritzera eraman duen ibilbide nekaezinaren emaitza. Egin dituen proiektu batzuek (hala nola Celofunk edo Black Jam, Madrilgo jam session ikonikoenetako bat) Estatuko musika beltzaren ahots moldakor eta boteretsuenetako bat izatearen ospea ekarri diote. Eta Jazz Sisters jazz eta swing proiektua eginda, Susanak erakutsi zuen bere talentuak ez duela mugarik.

Orain, Billie Sings Soul lanarekin, Susana Ruizek Billie Holidayren bizitza eta ondarea ospatzen duen soinu bidaia batera gonbidatzen gaitu, baina bere ikuspegitik egiten du, iragana eta oraina uztartuz, arrasto sakona utziko duela agintzen duen obra batean. Autofinantzatutako eta autoekoitzitako disko hori plataforma digitaletan argitaratuko da urte honen amaieran, eta kapitulu berri bat markatuko du, bere talentu paregabearekin etengabe ikasten, sortzen eta gu harritzen diharduen artista baten ibilbidean.